XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gela liburu oso zaharrez beteta zegoen.

Usaina botatzen zuten eta kolore askotako likidoz betetako ontzi arraro batzuk zeuden.

Batzuk lurrin gozoak ziruditen; beste batzuek, ostera, kiratsa botatzen zuten.

Zokondoetan tamaino askotako kaiolak ageri ziren.

Barruan muskerrak, apoak, sugeak, katuak eta arratoiak zeuden.

Dena erdi ilunetan zegoen.

Erdi itzalitako kandela batek egiten zuen argi.

Gelaren erdian magoa zegoen.

Bere bolari begira eta nahaste misteriotsuak egiten zebilen.

Egun batez hartzaitxo bat galdu zen baso hartan.

Bila eta bila zebilela maguaren hartzulora iritsi zen.

Bide hestu haren bestaldean argia ikusi zuenean, jakinguraz, barrura sartu zen.

Berehala ahots bat entzun zen: - Sartu Xanti! Xanti beldurrez dardarka hasi zen eta honela galdetu zuen: - Nor zara eta nola dakizu nire izena? - Borsanchof magoa naiz. Sartu, laguntzaile bat behar dut eta!.

Xantik gelara arte jarraitu zuen.

Han zegoen magoa soineko luze berde batez jantzita.

Buruan diz-diz egiten zuen kapela punta zorrotz bat zuen.

Magoa zaharra zen, sudur konkortua eta begizulo handiak zituen.

Bizkar gainean hontzuri bat zuen aurpegi tonto batekin.

Borsanchof-ek Xanti ikusi zuenean honela esan zion: - Zer duzu nahiago: igel bihur zaitzadan ala nire laguntzaile izatea?.

Xantik laguntzaile izatea nahi zuela erantzun zion.

Ez zuela nahi egun osoan kroak, kroak, kroak egiten jardun.

Egun hartatik aurrera, Xantik nahasteak prestatzen laguntzen zion eta nahiko gustora zebilen.

Baina, hala ere, ez zekien magoak zekizkien gauza guztiak egiten.

Borsanchofek nahasteak egiten zituen eta Xantik heltzekoari bezala eragiten zien.

Gure mago laguntzaileak gauza guztiak arretaz begiratzen zituen.

Behin Borsanchof katu bat tximeleta bihurtzen ikusi zuen.

Beste batetan indioilar bati asto belarriak jartzen.

Edozer gauza egin zezakeen mago hark.

Batzuetan mahaia zortzikoak kantatzen jartzen zuen.

Beste batzuetan lau barraskilo esku-pilotan jolasten.